XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Herriko artxibategian arakatu dugu Antonio Santos Oreitiaren jatorri noblezia eta kaparetasunaz iskribaturik dagoena.

Arazoa, lehenik, Segurako hauzitegi arruntean argitu zen eta 1697-ko Batzarre Nagusian Arrasaten gero.

Oreitia, Valladolid-ko Errege Hauzitegian abokatu zen, eta jatorriz, izen bereko etxalde eta jauregikoa (Araban), nahiz-eta jaiotzez segurarra izan.

Txostena irakurriaz, behin eta berriro errepikatzen duen gauza bat argiro uzten duela esan behar: Oreitiarrak odol garbiko direla, kristau zintzo lehen eta orain, mairu, judu, indio eta Inkisizioak zigorturikoen kutsadurarik gabeak.

Hala, behin hau frogatuz gero, guztiz onharturik ematen da iskribuetan Oreitia familia kondizio noble eta garbiko jendakia zelako, edozein herritan bizitzeko gaitasuna, karguak hartzeko eta beste nornahi gipuzkoarren antzera hemen berekoen faboreez gozatzeko.

Hori horrela, eta dato hau jakingarritzat harturik, gehitu dezagun, Antonio Oreitia, Turin-en espainiar enbaxadako Idazkari izanik, testamentua egin beharrean gertatu zen 1772-ko Apirilaren 2an, beste zenbait erabakiren artean, aditzera emanaz bere ondasunetarik multzo handi bat enplega zedila bere ahaide arteko neskatxa behartsuentzat.

Erabaki honen ardura Zarauzko jaunari (ahaide bait zuen) gomendatu zion fundatzaileak, eta honen ordez, Segurako benefiziatu zaharrena izendatu zuen herriko parroko eta juezarekin batera.

Orduan eraiki Urrikal Obra hark jarraitzen du oraino ere, eta haren zaindaritza herriko alkate eta parrokoak daukate apez laguntzaile aintzinakoenarekin, gutti asko 27.000 pezeta zifratzen duelarik fundazio kapitalak.

Kapital honen korrituak ematen duena, Oreitiaren jatorriko den neskatxa behartsuentzat izan ohi da, edo ezkondu edo monja sartu nahi duela, baina fundatzailearen borondatea kunplituaz, hirurehun dukat jasotzen ditu bakoitzak, hots, zortzirehun eta hogeita bost pezeta.